Izenpetu albisteak argitaratzeko



eitb.com : Albisteak - Politika
RSS eitb.com : Albisteak - Politika

eitb.com : Albisteak - Politika
  • Chaconek bere burua PSOEren zuzendaritzatik baztertu du
    Ministro ohia Rubalcabarekin bildu da eta zuzendaritzan alderdiko pentsamolde gutziak ordezkatuta egotea eskatu dio, idazkaritza nagusia oso alde txikiarekin irabazi duelako.

    Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusi berria Carme Chaconekin bildu da larunbat gauean. Chacon ministro ohiak zuzendaritzan egoteko asmorik ez duela iragarri dio Rubalcabari, eta, horrekin batera, zuzendaritza horretan pentsaera guztiak ordezkatuta egotea espero duela esan dio.

    Chaconen taldeko iturriek Efe albiste agentziari esandakoaren arabera, eskaera horiek gaueko bileran egin dizkio Chaconek Rubalcabari, eta Kongresuko talde sozialistaren zuzendaritzan ere ez duela egon nahi azaldu dio.

    Hala ere, Rubalcabaren garaipena oso alde txikiagatik gertatu da, 22 boto, eta zuzendaritzan guztiek ordezkaritza izan beharko lukete.

    Chaconentzat, helburu nagusia zuzendaritzak babes handiena izatea da, eta horretarakoezinbestekoa da PSOE osoaren ordezkari izatea.

    Chaconek 22 botoko aldeagatik galdu du PSOEko idazkari nagusi izateko aukera. Argazkia: Efe.



  • Lehendakariak arduragabekeria leporatu dio Urkulluri
    Euskal diru-kutxak porrot egiteko zorian daudela esan ostean, Patxi Lopez lehendariak "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu dio gaur Iñigo Urkullu jeltzaleari.

    Patxi Lopez lehendakariak "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu dio Iñigo Urkullu EBBren presidenteari euskal diru-kutxak porrot egitek ozorian esateagatik, eta ziurtatu du "ez dela egia" Urkulluk esandakoa.

    "Justu kontrakoa. Datuek adierazten dutena da Euskadi krisiari aurre egiten ari zaiola, eta kajoietan ez dugula inongo fakturarik gorde", esan du.

    Aitzitik, krisiari alor publikoak kaltetu gabe erantzuten ari zaiola nabarmendu du lehendakariak.

    Egungo egoeraren aurrean alor ezberdinetatik "konfidantza" eskatzen dutela dio Patxi Lopezek, eta kofindantza hori "pikutara" bidaltzea ez dela zilegia deritzo.

    Patxi Lopez lehendakaria



  • Patxi Lopezek ez du baztertu PSOEren zuzendaritza berrian izatea
    Lehendakaritzako ardura alde batera utzi gabe, "alderdiarentzako ona bada" Patxi Lopez lehendakariak ez du baztertu Alfredo Perez Rubalcabaren zuzendaritza berriko kide izatea.

    PSOEren kongresuak idazkari nagusi berria aukeratu berri du, baina orain Perez Rubalcabak inguruan izango duen Zuzendaritza Batzordea aukeratzea gelditzen zaio gaur eta bihar artean.

    Zuzendaritza horretan euskal sozialistek lekua eta pisua izan lezakete, PSE-EE-k Barne ministro ohiarekiko egin duen apustuaren sari gisa. Zalantza gehiago sortu du, ordea, Patxi Lopez lehendakaria Rubalcabarengandik gertu izango den, zuzendaritza horretako kide gisa, akaso.

    Sozialisten buru berriak aste honetan bertan esana du beregatik balitz Patxi Lopez "dena" izango litzatekela alderdian. Horri buruz galdetuta, Lopezek ez du baztertu PSOE-ren zuzendaritza berrian parte hartzea.

    "Alderdiarentzat ona dena aukeratuko dut, beti ere nere ardura nagusia, lehena eta ia ia esklusiboa baztertu gabe, lehendakari izatea, alegia", esan du.

    Lopezek baztertu egin du, hori bai, Rubalcabaren hurrengoa bera izango denik. Haren hitzetan, "Alderdi Sozialistak idazkari nagusiak aukeratzen ditu Batzarretan, ez oinordekoak".

    Lehendakariak bere poza azaldu du Rubalcabaren garaipenarekin, euskal sozialistek egindako apustua ontzat eman duelako.

    "Pozik naiz, asmatu egin dugulako", esan du.

    Lehendakaria eta Rubalcaba, duela gutxi egindako irudi batean. Argazkia: EFE



  • Rubalcaba, PSOEko idazkari nagusi
    "Batasunerako momentua da, gaurkoa batasun-ekitaldia da jada", esan du Rubalcabak hautatua izan eta alderdikideen aurrean egindako lehen hitzaldian.

    Alfredo Perez Rubalcaba da PSOEko idazkari nagusi berria. Ministro ohiak 22 botoren alde urria atera dio Carme Chacon arerioari 38. Kongresu Federaldean egindako bozketan.

    Rubalcabak  487 boto jaso ditu ( % 51,16) eta Chaconek, aldiz, 465 (% 48,84). 

    Botazioan 956 ordezkarik hartu dute parte. Boto bat baliogabekoa izan da eta bi ordezkarik zuriz bozkatu dute.

    Jose Antonio Griñan Mahaiko Batzordeko eta PSOEko kongresuko presidenteak iragarri du botazioaren emaitza, eta zenbaketaren atzerapena botoak eskuz zenbatu izanagatik izan dela azaldu du. Zenbaketa ordu eta erdiz luzatu da.

    Rubalcabak batasuna eskatu du

    "Batasunerako momentua da, gaurkoa batasun-ekitaldia da jada", esan du Rubalcabak hautatua izan eta alderdikideen aurrean egindako lehen hitzaldian.

    Gainera, PSOEko aurreko idazkari nagusiak ere aipatu ditu, Felipe González, Joaquín Almunia eta José Luis Rodríguez Zapatero, kargua uzten duenean haiek bezala joatea gustatuko litzaiokeela esateko; hau da, alderdikideen maitasuna irabazita.

    "Garrantzitsua ez da iristea, joaten jakitea baino", adierazi du.

    Zenbaketa luzatu egin da

    Rubalcaba Jose Luis Zapateroren ordezkoa izango dela jakin denean, txalo zaparrada luzea izan da. Carme Chaconek ere txalo ugari jaso ditu berriro ordezkarien artean agertu denean. Chaconek musu bana eman die Kongresuko Mahaiko kideei.

    Zenbaketa 14:00ak aldera hasi da, bi hautagaien hitzaldien ondoren. Zenbaketak aurrera egiten zuen bitartean, zurrumurruak zabaltzen hasi dira eta Rubalcaba garaile ematen zuten. Twitterren ere saltsa handia egon da irabazlearen izena noiz iragarriko zain.


    Rubalcaba da PSOEko idazkari nagusi berria. Efe.



  • Chaconek 'atzeraldirik gabe' PSOEri 'bultzada' ematera deitu du
    Espainia laiko baten alde egin du PSOEko idazkaritza nagusirako hautagaiak Sevillak hartu duen PSOEko Kongresu Federalean. Chaconen esanetan, "30 urte hura jasaten gehiegi direlako".

    Carme Chacon PSOEko idazkaritza nagusirako hautagaiak alderdiaren konfidantza eskatu du larunbat honetan Sevillan den PSOEko Kongresu Federalean. Aldaketa-proiektu baten buru izateko prest dagoela uste du Chaconek eta hori dela eta, "atzeraldirik gabe, altxatzeko" eta alderdia "martxan jartzeko" deia egin die alderdikideei.

    Chaconek aurreratu duenez, alderdiaren idazkaritza lortzen baldin badu oposizio erabilgarri bat egingo du. "Espainiaren eta espainiarren mesederako izango da", azpimarratu du, "erabilgarri izatea ez da eskuindarrentzako erabilgarri bihurtzea, jendearentzako erabilgarri izatea baino". "Alternatiba bat eskaintzeko oposizioa izango da, ez PPren interesen mesederako bat", azaldu du, "hori dela eta, koherentzia hizpide izango duen proiektu berri baten buru izango naiz".

    "Espainia laiko" baten alde

    Halaber, "argi eta garbi Espainia laika" baten alde egin du Chaconek. "Ohiko tutoretzatik aske den gizarte bat" defendatu du, "alor publikoaren eta sinesmen pribatuaren arteko banaketa argi batekin". Honen esanetan, "demokratikoa ez den botere batek ere ez du haren morala inposatuko, 30 urte hura jasaten gehiegi direlako".

    "Erlijio guztiei miresmena erakutsiko dien herrialde bat izan behar gara baina inolako pribilegiorik gabe", esan du, "Espainia laiko bat, kideak!".

    Carme Chacon, Kongresu Federalean bildutakoak agurtzen. Argazkia: EFE



  • Ezker abertzaleak espetxe-politikarekin amaitzeko eskatu dio Rajoyri
    Maribi Ugarteburu bozeramaile abertzaleak "aro politiko berriari heltzeko gauza ez izatea" leporatu dio PPri.

    "Ausartak izateko, pausoak emateko eta salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko garaia da", esan dio ezker abertzaleak Gobernuari.

    Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak prentsaurrekoan esan du "ETAko presoen damua eta preso politikoak diren ala ez inguruko eztabaida errealitate lotsagarri bat estaltzeko" erabiltzen duela Rajoyren Gobernuak.

    Euren jarrerak "aro politiko berriari heltzeko gaitasun eza agerian uzten du", Ugartebururen ustez. "Legezkotasuna ezarriz gero, koma bat bera ere aldatu gabe, irtenbidean aurrera eginez joango ginateke", adierazi du, "beste guztia sufrimendua luzatzea da".

    ETAko presoen inguruko aldarrikepenak euskal herritarren "gehiengoa" ordezkatzen dute ezker abertzalearentzat. Euskadin soilik "PPk goratzen du sufrimenduaren bandera eta eskubideen urraketa, eta horregatik, bakarrik gelditu dira espetxe politika kriminalaren defentsan".

    Egungo eredua "ETAren iragarpenaren aurretik zegoen liskarren egoerara eusten dion ikuspuntutik ulertu daiteke", esan du Ugarteburuk.


    Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramailea. Argazkia: Efe



  • Rubalcaba: 'Sektarismoa gorroto dut; ez da 'rubalcabismorik' egongo'
    Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako PSOEko idazkari nagusiak lider indartsu bat aldarrikatu du, baina ez dela "lidergo pertsonalen" unea uste du.

    Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaiak lidergo "indartsu" bat eskaini dio alderdiari, lidergo kolektiboa, "salbatzaileetan" ez duelako "inoiz sinistu" eta ez duelako uste "lidergo pertsonalisten" unea denik.

    "PSOEk lider indartsu bat behar du eta ni indartsua izango naiz, niri ez didate txikituko", adierazi du.

    Rubalcabak Jose Luis Rodriguez Zapateroren ordezkaritza defendatuz hasi du hitzaldia. Zozketa egin dute eta Rubalcaba izan da bi hautagaien artean lehena hitz egiten.

    Presidenteorde ohiak bere alderdia "indar guztiekin maite" duela berretsi du eta beste hautagaiaren, Carme Chaconen, kanpainia goraipatu du.

    Bestalde, bere alderdia berriz boterera iristen denean, Estatuak Egoitza Santuarekin dituen harremanak berriz planteatuko dituela adierazi du, PPko Gobernuak "30 urteko" atzeraldia ezartzen badu "abortuaren legearekin", esaterako.

    "Popularrek presa handia zuten ordainketa-justizia ezartzeko eta herritartasunerako hezkuntza kentzeko. Doktrinatzea baztertzeko dela esan dute, baina berriz doktrinatzeko dela diot nik, horregatik kendu dute", esan du.

    Rubalcabak hitzaldiarentzat aurreikusitako 45 minutuak gainditu ditu eta ordubetez egon da oholtzan.

    Alfredo Perez Rubalcabak Chaconen agurra jaso du. Argazkia: Efe



  • EAEko Guardia Zibilaren kuartelak ixtea proposatu du Aralarrek
    Euskadiko Guardia Zibilaren kuartelak poliki poliki ixteko plana eramango du Aralarrek Legebiltzarrera.

    Espainiako Gobernuari "EAEko Guardia Zibilaren kuartelak poliki poliki ixteko" eskakizuna eramateko plana defendatuko du Aralarrek Eusko Legebiltzarreko datorren bileran.

    Erabakia Gernikako Estatutuaren 17. artikuluan oinarritu du, izan ere, "Estatuko segurtasun indarren eginkizunak portuen eta aireportuen zaintzan, kostan eta mugan, aduanetan, pasaporteak eta nortasun-agiri nazionalak egitean, lehergailuetan, kontrabanduan eta iruzur fiskalean mugatzen" ditu.

    Aralarrentzat, egun Euskadin dauden Guardia Zibilen kopurua gehiegizkoa da Polizia Nazionalak dituen zerbitzuak ere kontutan hartuta. Horregatik, EAEko Guardia Zibilaren kuartelak ixteko plana proposatzen du.

    Guardia Zibila. Argazkia: EITB



  • Egibar: 'Ez gaude hondoak jota baina bai tentuz ibiltzeko egoeran'
    "Tentuz ibiltzeko egoera batean gaude eta Finantzen Euskal Kontseiluko bilerak berretsi egingo du", esan du Egibarrek.

    Joseba Egibar EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, "inolaz ere" Euskadi ez dagoela "hondoak jota" zehaztu du, baina bai "tentuz ibiltzeko egoera larri eta delikatuan". Gainera, iragarritako defizita puntu batean gaindituko dela adierazi du eta Finantzen Euskal Kontseiluak otsaila erdialdean egingo duen bileran berretsi egingo dela ziurtatu du Radio Euskadin egindako elkarrizketan.

    Iñigo Urkulluk, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Eusko Jaurlaritza "porrot egitear" dagoela esan zuen atzo eta "sailburu batek etsi-etsian laguntza eske" deitu ziola jakinarazi zuen.

    "Zenbakiak argiak dira eta Urkulluk asmatu egin du horrekin, Patxi Lopezen gobernuak ez duelako iragarritako defizitarekin itxi 2011ko aurrekontua, hau da, ez du %1,3ko muga bete", adierazi du Egibarrek.

    Espainiako beste erkidegoekin alderatuta, "EAE askoz hobeto dago, zorionez", zehaztu du Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak, "baina administraritza honekin Espainiaren geroz eta antza gehiago dugu".

    Finantzen Euskal Kontseiluak hilaren erdialdean egingo duen bileran "zifra hau berretsi" egingo dela adierazi du.

    Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak, ordea, "arduragabekeria eta alderdiko interesekin jokatzea" egotzi dio EAJri. "Oraindik urrun dagoen hauteskunde kanpainia era kaskarrenean hastea" leporatu dio.

    Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariak esan du "erabat arrituta" dagoela EAJko presidentearen "akats handiaren aurrean".

    Hitz horiek "Iñigo Urkulluren mailako pertsona baten aldetik desegokiak" direla adierazi du Radio Euskadin, eta horregatik "akats handia" izan dela zehaztu du. Horrelako adierazpenek "Euskadiko konfiantza arriskuan" jartzen dutela gaineratu du.



    Joseba Egibar Radio Euskadiko elkarrizketa batean. Argazkia: EITB



  • Patxi Lopez: 'Kongresua norabide berri baten hasiera izan behar da'
    Euskal sozialisten idazkari nagusiak ohartarazi duenez, "hemen erabakitakoak gure herrialdearen etorkizuna baldintzatuko du baina, batez ere, Espainiako milioika aurrerakoien gainean eragingo du".

    PSOEko Kongresu Federala "garai berriei ekiteko" norabide berri baten hasiera izan dezala espero du Patxi Lopez euskal sozialisten idazkari nagusiak eta lehendakariak. Hala azaldu da ostiral honetan Sevillan izandako batzordean. Bertan adierazi duenez, "sozialistak ez gara botere pertsonalaren bila Sevillara etorri ezta zuzendaritza berriari boterea ematera".

    "Zuzendaritza berriari lana eta erantzunkizuna ematera etorri gara", azpimarratu du lehendakariak, "garai berri honen norabidea zehaztera etorri gara".

    Euskal sozialisten buruak ohartarazi duenez, "hemen erabakitakoak gure herrialdearen etorkizuna baldintzatuko du baina, batez ere, Espainiako milioika aurrerakoien gainean eragingo du". PSEko gehiengo batek Alfredo Perez Rubalcabaren hautagaitzaren alde egin du.

    "Alderdi bat ez da bi egunetan aldatzen, ez da nahikoa proiektu berri bat definitzeko", adierazi du, "baina bidearen hasiera adostu dezakegu". Patxi Lopezen esanetan, Sevillako Kongresua amaitu ostean, "alderdi batuago bat izango dugu, PSOE indartsuago bat".

    "PSOE gu baino askoz gehiago da baina gure eskuetan dago alderdiaren etorkizuna erabakitzea", esan du, "gur dagokigu norabide berria zehaztea edo porrotan murgilduta geratzea".

    Lehendakariak aitortu duenez, "demokrazian izandako porrot handiena izan zuen PSOEk azken hauteskundeetan". "Espainiako milioika herritarren konfidantza galdu dugu eta horrek esan nahi du zer edo zer txarto egin dugula", onetsi du lehendakariak.

    Patxi Lopez eta Manuel Chaves, Sevillako PSOEko Kongresu Federalean. Argazkia: EFE