|
Kirola euskaraz
|
Zer berri
|
|
-
Berria egunkariaren aldeko herri lasterketa egingo dute Zarautzen

Berria egunkaria gauzatzen ari den Zure ziztada behar dugu kanpainaren barruan, Ziztada Eguna egingo dute larunbatean, maiatzak 19, Zarautzen. Herri lasterketa izango da ospakizunaren erdiguneetako bat. Herriko kaleak zeharkatu beharko dituzte parte-hartzaileek, bi itzuli emanez. Edozeinentzako moduko lasterketa prestatu nahi izan dute eta 4,5 kilometroko luzera izango du. Proba 10:30ean hasiko da Musika plazan.
-
Euskara gizarteratzeko asmoz, Bizieuskeraz II. Spinning Maratoia egingo dute ekainean Durangon

Durangoko ITG taldeak Durangaldeko Bizieuskeraz II. Spinning Maratoia antolatu du ekainerako euskara hezkuntza esparrutik atera eta gizarteratzeko helburuarekin. Talde horren esanetan, bai herrian bai eskualdean handia da euskararen ezagutza maila baina ez hainbestekoa erabilera, beraz, edozein arlotan erabiltzeko arazorik ez dagoela erakutsi nahi du. Kirol ekitaldia ekainaren 3an izango da Kirolean ere euskaraz lelopean.
-
Sakanako Mankomunitateak kirol esatari euskaldunak kontratatzeko diru laguntzak emango ditu

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eskualdean euskarazko kirol, aisialdi eta kultur jarduerak antolatzen dituzten entitateei diru laguntzak emango dizkio euskarazko aurkezleak kontratatzeagatik. Ekitaldiak 2012an egindakoak izan beharko dute eta euskara hutsez zein ele bitan izan ahalko dira. Gainera, Mankomunitateak aurkezle euskaldunen zerrenda osatuko du. Zerrenda horren beharra duten erakunde pribatuen zein publikoen esku jartzea da asmoa.
-
Xakean euskaraz jokatzeko webgunea martxan

Goierriko Xake Taldeko begiraleek xakean euskaraz jokatzeko webgunea jarri dute martxan. Euskarazko kalitatezko materiala falta zutela nabari zuten hezitzaileek eta arlo horretan lehen urratsa izatea helburu duen gunea sortu dute: xakea.org. Proiektuak zabalkundea izatea nahi dute eta euskarazko 2.0 material didaktikoa sortzea izan dute xede.
-
Skatea, snowa eta euskara batera Donostian

Gaztezulo aldizkariak eta Ride Yourself taldeak Skate&Snow Festa antolatu dute larunbaterako, martxoak 24, Donostian. Bi kiroletan aritzen diren hainbat gazte semiprofesionalek erakusketa egingo dute Kursaalen eta Zurriola hondartzaren artean dagoen eremuan, eta aditu batek kirolariek egiten dituzten akrobazien azalpenak emango ditu euskaraz. Erakustaldia 16:30ean hasiko da.
-
Irristatzeko kirolen euskarazko bideoen lehiaketa antolatu dute Arrasaten

Arrasateko Txatxilipurdi aisialdi taldeak X kirolak euskaraz Arrasaten bideo lehiaketa antolatu du. Azken urteotan irristatzeko kirolek gaztetxoen artean izandako gorakadarekin ohartuta antolatu du lehiaketa aisialdi talde euskaltzaleak. Horrela, parte-hartzaileek skatearekin, mikro patinarekin, BMXarekin, patinekin edo abarrekin egindako jausiak edo akrobaziak grabatu beharko dituzte.
-
Mugikirola! aldizkariaren 71. alea argitaratu dute

Donostiako Euskara Zerbitzuak Mugikirola! aldizkariaren 71. alea kaleratu berri du. Aro berriari ekin zionetik bigarren alea du, eta egun oinarria Interneten duen arren, azken zenbakia eduki berriz betea dator. Leire Larreta Bera Bera saskibaloi taldeko jokalari eta entrenatzaileari egindako elkarrizketa da interesguneetako bat. Larretak saskibaloian izandako ibilbidea eta iaz Mozambikeko haurrei kirol hau erakusten bizi izandako esperientzia kontatu ditu.
-
"Interval training bossu eta fitball-arekin" ikastaroa emango dute hilabete honetan Donostian

Barandiaran Lizeoak urtero eskaintzen dituen doako ikastaroen barruan Interval training bossu eta fitball-arekin izenekoa antolatu du. Martxoaren 17an eta 18an emango dute eta hamar ordukoa izango da. Langileentzako da batez ere eta plaza kopurua mugatua da. Dagoeneko izena eman daiteke ikastetxearen webgunean bertan.
-
Entrenatzaileek euskara sustatzeko estrategiak bereganatzeko ikastaroa antolatu dute Sakanan

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak entrenatzaileek, besteak beste, euren taldeetan euskararen erabilera bultzatzeko ikastaroa antolatu du. Horretarako metodologia irakastea izango da martxoaren 10ean eta 24an Irurtzunen (Nafarroa) emango den ikastaroaren helburua. Doan izango da baina aurrez izena eman behar da, plaza kopurua mugatua izango baita.
-
Martxan da Futbolmamia euskarazko futbol aldizkari digitala

Duela hilabete batzuk eman zuten proiektuaren berri, eta dagoeneko martxan da Futbolmamia euskarazko futbol aldizkari digitala. Aitor Manterola kazetari eta futbol entrenatzaileak garatu du egitasmoa, Mikel Arregi futbolari profesionala izandakoaren, Aitor Zulaika entrenatzailearen eta Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisikoaren laguntzarekin. Lan taldeaz gain, hainbat kolaboratzaile izango ditu webguneak, besteak beste, Mikel Etxarri, Gaizka Garitano, Aritz Olagoi eta Jose Mari Amorrortu.
|